Gezurraren kultura berria
2019/09/27
Gaur egun gure begietara edota belarrietara ailegatzen den informazioa dudan jarri eta ondo kontrastatu beharko genuke. Interneten eta sare sozialen sorrera dela eta eduki faltsuek gora egin dute eta desinformazioaren garaian bizi gara. Iker Rincon Morenok idatzi duen albistearen inguruan hitz egingo dut gaur.
Hasteko fake new bat zer den azaltzea ondo datorkigu: Albiste faltsuak dira, zeintzuk desinformatzea eta engainatzea dute helburu. Gezurrezko albiste hauek helburu ideologikoak eta politikoak dituzte. Komunikazio politikoan manipulazioa da nagusi, eta manipulazio hori burutzeko gezurrak edo erdi egietaz baliatzen dira; adibide bezala 2019ko ekaineko Uruguay-ko hauteskunde kanpaina dugu; non Juan Sartorik sare sozialetatik fake new-ak zabaldu zituen bere oposizioari, Lacalle Pou eta Jorge Larrañaga, kalte egiteko. Fake new hauen beste helburu bat helburu ekonomikoa izan daiteke. Alex Rayón adituak esan duenez, hedabide batzuk albiste sentsazionalisten eta faltsuen argitalpenaz baliatzen dira euren webguneetan jendea erakartzeko asmoz, eta jasotzen dituzten bisiten arabera dirua irabazten dute. Eta hirugarren helburu bezala beldurra sortzeko eta kaosa zabaltzeko helburua dugu; Adibide bezala, 2017an Bartzelonan gertatutako erasoen ondoren, sare sozialetatik fake new asko zabaldu ziren, esanez Bilbon eta Donostian antzeko atentatuak egongo zirela.
Honen arira, First Draft elkartearen arabera eduki faltsu mota desberdinak aurki ditzakegula aipatzen digu. Alde batetik, satira eta parodiak ditugu, hauek ez dute engainatzeko ezta kalterik egiteko asmorik eta lehenengo momentutik argi uzten dute informazioa gezurrezkoa dela. Bestalde ezkutuko helburuak dituzten edukiak aurki ditzakegu, eta mota honen barruan hainbat aurki ditzakegu, beti engainatzeko xedearekin; Eduki iruzurtiak, lotura faltsuak, edukiaren muina egiazkoa dutena baina testuinguru asmatua eta erabat asmatutako albiste edo edukiak.
Fake new hauen arazo larriena albiste hauek jasotzen dutenen desinformazioa da. Ohitura dugu esaten digutena sinisten eta gainera jende askok esaten badu ia ziur egia dela pentsatzen dugu. Sare sozialetan edonork esan dezake edozer gauza eta denbora oso gutxian berri hori birala egin. Beraz, informazioa oso manipulagarria da. Bi zatitan bana dezakegu manipulazio hori: alde batetik, egia den informazio bat hartu eta birmoldatu gezurra den zerbait gehituz, eta bestetik, zerotik hasita gezurra den informazio bat iragarri.
Adibide oso ona iruditzen zait askotan hedabideetan eskaintzen den informazioa, baita publizitateak eskaintzen digun informazioa ere. Batzutan ez dute gezurrik esaten baina egia guztia ere ez. Hau da, produktu, zerbitzu edo informazioaren parte “polita” iragartzen digute, parte “itsusia” bakoitzak deskubritu dezagun utziz.
6 aldiz arinago hedatzen da sare sozialetan gezurrezko edukia benetakoa baino. Eduki deigarriak izan ohi dira horiek.
Interneten eta hedabideen aroa baino lehen, informazioa ez zen hainbeste zabaltzen; komunikazioa ahoz-ahokoa zelako, beraz pertsona kopuru murriztu bati ailegatzen zitzaion eta laster ahazten zen. Orain informazioa askoz gehiago eta azkarrago partekatu dezakegunez gezurra den zerbait zailagoa egingo zaigu egia dela %100ean jakitea. Gainera errazagoa da zurrumurruak sinestea egia baino, zurrumurru gehiago egongo direlako egia batekin konparatuz. "La manipulación en las redes sociales no para de crecer a escala mundial" eta "Cada vez es más difícil saber qué es verdad y qué es mentira o es simplemente información tergiversada". Horrelako deklarazioak egin dituzte Oxford Internet Instituteko adituek.
Laburbilduz, gaur egun informazio jarioa erraldoia da, infoxikazio fenomenoa jasaten dugu. Hau da, informazio asko eta asko gure eskuetara ailegatzen da. Ondo jakin behar dugu ze informazio fidagarria den eta zein ez eta horretarako tresnak eta baliabideak aurkitu behar ditugu informazio honen egiaztapena egiteko; selektiboak izan behar gara jorratzen dugun informazioarekin.
Azkenik, gezurrezko albisteak eta eduki faltsuak harrapatzeko plataforma eskuragarri uzten dizuet: Malditobulo.es .
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina