Hedabideak: askatasunaren zaindari izatetik boterearen zaindari izatera

2019/12/05

1988. urtean, Noam Chomsky-k eta Edward S. Herman-ek Askatasunaren zaindariak argitaratu zuten. Liburu honetan azaltzen zuten hedabideek "burujabeak izan eta egia ezagutzen lagundu" beharrean, "botere-taldeek nahiko luketen mundua" irudikatzen dute. Argitalpen honetatik gaur egunera arte urte dezente pasatu diren arren, ondorioak gaur egungoak ere izan litezke eta azterketa edozein hedabide-ekosistemari egokitu daiteke.


2013an Chomsky elkarrizketatu zuten eta liburuko tesi nagusienetako bat mantentzen zuen: "hedabide handiak korporazioak dira, azken finean. Beste edozein negoziok bezala bezero batzuei produktu bat saltzea dute helburu".

Hedabideek botereari atxikitzearren, kazetaritza eta hiritarrekiko konpromisoa atzean utzi duten heinean, euren ondare nagusia galtzen joan dira: sinesgarritasuna. Informazioa negozioa zela ikusi zenean egiak garrantzia galdu zuen. Gainera, kazetariarena, epailearenarekin batera, balorazio txarrena duen lanbidea da.

Sinesgarritasun galera hedabide-taldeek jasaten duten egoera ekonomikoarekin batera ematen da, kapitalismoaren krisiarekin lotuta dagoelarik. Honek hedabideak finantza entitateen menpe egotera bultzatzen ditu. Gervasio Sánchez kazetariaren esanetan, hedabideak gero eta botere handiagoa duten enpresak dira. Kazetaria askatasunaren zaindari izateari utzi dio eta boterearen zaindari bilakatu da.


Hedabideak krisiaren aurrean

Cómo los medios ocultan el mundo liburuaren arabera: "prentsa, irrati, telebista eta interneteko hedabide nagusien ikusmoldearen arabera, komunikazioaren eginkizuna biztanleak klase agintariaren ideiei atxikitzeko konbentzitzea da". Boterearekiko eta bereziki finantza-boterearekiko menpekotasun historiko hau subprime-en krisiarekin eta kapitalismoak pairatzen duen astindu globalarekin areagotzen da.

Hedabideek publizitatearen bidez lortzen dituzten diru-sarrerak ia erdira murriztu ziren 2008 eta 2012 artean. Egoera ekonomiko ahul horren aurrean, finantza-entitateek hedabide-taldeen kontrolaren zati handia hartu zuten eta horrek eragina izan du informazio askatasunean eta, ondorioz, kazetarien sinesgarritasunean.

Datu hauei, lan ezengonkortasuna, edo komunikazio langileen gizarte- eta lan-eskubideen galera gehitu behar zaizkio. Hedabideak sozializazioaren funtsezko eragileak dira eta historikoki iritzi publikoa sortzen lagundu dute. Kazetaritzaren eginkizunen utzikeria argia egon da, entretenitzearren herritarrak hezi eta informatzeko ardura alde batera utzi baita.


Alternatiben sostengu herrikoia

Herritarrek kazetariei atzea eman izanaren arrazoia sektoreak gizartearenak ez diren interesen alde egin izana da. Konponbidea, kazetariek fokua behekoen istorioetan ezartzean eta agintzen dutenen jarduera kontrolatzean datza.

Orain, irakurle, entzule eta ikusleen laguntza ekonomikoari esker, agintean kazetariak berak daude. Kooperatiba, fundazio, elkarte edo modalitate fiskal klasikoen bidez, "kazetaritzaren garbiketa kritikoa" burutzen da. 

Hedabide-eredu zaharra erori bitartean sortzen ari den komunikazio egoera berri hau indartzeko herritarron erantzun aktiboa egokia izango litzateke eta hedabideen sorkuntzaren partaide bilakatuko gintuzke. Herritarren sostenguarekin eta kazetarien borondatearekin soilik posible izango da komunikazio proiektu askatzaileak sortzea.

Herritarrek eta politika- eta gizarte-mugimenduek behetik egindako kazetaritza sortzen lagundu behar dute. Kazetaritza honek boterea kontrolatu, zehatza eta egiatia, erkidegoaren zerbitzurako tresna izan eta mundua ulertzeko modu ezberdinak partekatzeko balio beharko du.

Kazetaritzaren borondateak zera behar du: lanean zoriontasunez, etikaz, zehaztasunez eta zuzentasunez aritzea, herritarren boteretzea lortzeko asmo didaktikoa izatea, eta ezarritako isiluneak apurtzea.




Nire ustez argi dago finantza-entitateek hedabideen kontrola eskuratu zutenean, informazioaren kontrola ere eskuratu zutela, beraz, informazio askatasuna bukatu egin zen. Hedabideak finantzatzen dutenek (hau da, boterea dutenek hedabideengan) nahi duten informazioa eskainiko dute eta nahi duten moduan jorratuko dute informazio hori. 

Informazio askatasunaren ukaketa hau kazetarien lanaren gutxiestea ekarri du, eta hauen lanen sinesgarritasun falta. Nahiko inkoherentea iruditzen zait egoera hau; herritar bat informatu nahi denean kazetarien lanen bat irakurtzen dute, baina finantza-entitateen kontrola dela eta sinesgarritasun falta dago, beraz, herritar horrek irakurri duen hori ez du guztiz sinisten. 

Oso garrantzitsua iruditzen zait informazioa kontrastatzea eta ahal den iturri gehienetera ailegatzea, informazioa kalitatezkoa izan dadin. Aurrerago aipatutako gertatutako fenomeno hauek direla eta, ateratzen dudan ondorio nagusia herritarron desinformazio utsa da. Azken finean, boterea dutenek informazio mota bat kontsumitzera behartzen gaituztelako.

-

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Gezurraren kultura berria

Influencers vascos sin filtros en instagram

La feliZiudad